Aitortu behar dut hauteskunde-gauak atsegin ditudala: zenbakiak, ehunekoak, gazta edo barra formako infografiak, alderdietako koloreak (harrigarria da zenbat berde mota dagoen). Beraz, igande gaua telebista eta sakelakoaren artean eman nuen, ETB1eko low-cost programa oinarri hartuta (low-cost ETB2n zutenarekin erkatzen baldin bada), noizbehinka telebista espainiarretara txangoren bat egin nuelarik. Horietako txango batean telebista eskuindar batean entzuten nituenak entzunda balkoira ateratzeko gogoa izan nuen, bai baitzirudien Gasteizen jende-oste sutsu eta sukartsuek Ajuriaenea, Neguko Jauregi hura izango balitz bezala, eraso behar zutela une batetik bestera. Kalea lasai zegoen, igande gauei dagokien bezala.

Astelehen goizean, aurreko gauean hartutako dosiari gutxi iritzia, emaitzak herriz herri eta kalez kale zehazten dituzten mapa horietan murgilduta ibili nintzen luze jakiteko ez bakarrik zeinek irabazi duen bizi naizen kalean (EAJk), baizik eta jakiteko zeinek irabazi duen bizi izan nintzen kalean (EH Bilduk), izan ditudan helbideetan (EH Bilduk), bikotekidearen herrian (EH Bilduk), senitarteko eta lagun batzuen kale eta herrietan (EAJk eta EH Bilduk), Guardian zenbateko desberdintasuna dagoen lehen alderdiaren (PP) eta bigarrenaren artean (EAJ). 5 boto, eta hemen aitortzea kostatzen zaizkidan beste hainbeste xehetasun.

Pentsatuko duzue datu mordo horrekin analisi finena egiteko gai naizela. Bai zera. Xabier Euzkitzek pilota partidetan berdinketa kasuetan erabiltzen duen “Ados, jaun-andreok!” hori errepikatzeko tentaldia handia da, 27an ados, baina ados hitza nahasia izan daiteke politika kontuetan. Aurreikusten zen bezala Pradales izango dugu lehendakari eta Andueza lehendakariorde eta koinatu. EH Bilduk gazta zati handia jan die jeltzaleei (hitz egingo digute gastronomian adituek Bizkaiko gaztaz), eta Sumarreko bat, hau da, Izquierda Unidako bat, hau da, Euskadiko Alderdi Komunistako bat Legebiltzarreko talde mistoan egongo da eskuin muturreko horrekin. Eta De Andrés zer moduz? Hala moduz. A, bai, Podemos. Zer zen hori? l