Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, gaur, asteazkenarekin, Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak antzezten duten Sexberdinak obrak jaso du Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak ematen duen Donostia Antzerki Saria. Euskarazko antzerki profesionala sustatzeko eta hedatzeko xedez, 2000. urtetik urtero ematen du Donostiako Udalak merezimendu hau. 24. edizio honetan, Tanttaka konpainiaren Sexberdinak izan da 2023an helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz Gipuzkoako hiriburuab eskainitako antzezlanik onena. Fernando Bernués eta Mireia Gabilondoren konpainiak 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Eginoren artelana jaso ditu sari gisa.

Donostia Antzerki Sariko epaimahaiaren iritziz, antzezlanak "oso modu egokian egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua eta aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diren baliabide eszenografikoen bitartez", emaitza "bikaina" lortuz. Gainera, tribunalak nabarmendu du Sexberdinak errealitate afektibo eta sexual anizkoiak islatzeko modua: “Publikoa maitasunari, sexuari, autoestimuari, konplexuei eta bakardadeari buruz hausnartzera bultzatzen du eta agerian geratzen dira gutako bakoitzak gaiaren inguruan ditugun ezintasunak eta, aldi berean, aurreiritziak”.