Pasa den asteazkenetik guztiok izan dugu Sánchez afera ahotan. Egia da Araban jai giroa genuela, eta euskaldun gutxi batzuek Jon Sarasua afera dei dezakeguna izan dutela mintzagai (ez dut hemen azalduko), baina perretxiko eta barraskiloen artean (bai, Araban gaztelaniaz ere perretxikoei perretxiko deitzen diegu) eta Jon Sarasuak esandakoen artean Pedro Sánchezi buruzkoak izan dira nagusiak.

Bitxia iruditu zitzaidan konprobatzea lagun-talde batean gehienek uste zutela Espainiako presidenteak dimisioa emango zuela, eta beste talde batean gehienek kontrakoa pentsatzen zutela. Ni, oro har, bigarren taldearekin bat nentorren (lekukoak ditut), nire argudioak urtzen baziren ere lehen taldekoekin nengoenean. Sánchez jaunaren jokabidearen arrazoiez konplexuagoak ziren iritziak: egia da gutxi batzuk erabat sinetsita zeudela presidente espainiarrak, guztiok bezala, bihozñoa duela, bihozño mindua kasu honetan, eta beste gutxi batzuek errepikatzen zutela Sánchez politikaria dela batez ere eta, beraz, oinarrian estrategia politikoa gailentzen zela ororen gainetik, baina gehienok, nik barne, ez zekiten oso ondo zer pentsatu. Urte batzuk barru Pedro Sánchezek liburu bat idatziko du, eta zerbait gehiago jakingo dugu, edo ez, ez dugu ezer sinetsiko. Lagunen artean azpimarratu nuenean gutuna, nire ustez, oso ondo idatzita zegoela, behintzat, poker aurpegiak ikusi nituen, eta idazleei buruzko hitz maltzurren bat entzun.

Beharbada astelehen goizean espektatiba asko zapuztu zituen Sánchezek bost eguneko hausnarketaren ondoko agerpenean: presidentearen dimisioa espero eta nahi zuen eskuina amorratuago dago orain, eta Sánchez jarraitzearen aldeko askok, lasaitua hartu bazuten ere, zerbait gehiagoren zain zeudela uste dut, ez dakit zer zehazki. Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu “eraberritze demokratiko” hori zertan gelditzen den, betiko hitz ederren basamortuan galdurik ibiliko garen edo sistema politiko espainiarra aldaketa sakonen bidean barna abiatuko den. Sakon-sakonak, egia esan, ez dut uste.