Maiatzaren 12an Gipuzkoako Errota Eguna ospatzen da eta Oiartzun urtero bezala ekimen honekin bat egingo du. Herrian aurtengo ospakizuna hiru egunetara luzatzeko egitaraua prestatu dute Ihurrita Errota sustatzeko elkarteak, herriko errotariek, Ondarearen Mahaiak eta Oiartzungo Udalak.

Ondare historikoa

Izan ere, erroten funtzionamendua ezagutu eta ondare honen balio kultural eta historikoa ezagutzera eman nahi dute. Horretarako, asteazken honetan hasi eta maiatzaren 12a bitarte, hitzaldia, ibilaldia eta bisitak izango dira.

Esan bezala, asteazken honetan Errotarri-harrobiak Oiartzunen izenburuko hitzaldia izango da Javier Castro adituaren eskutik. Saioa 19.00etan hasiko da Arizmendienean.

Maiatzaren 11n, larunbatean, Zorrolako errotarri-harrobira ibilaldi gidatua antolatu da. Parte-hartzaileak 10.00etan elkartuko dira Karrikako frontoian.

Azkenik, maiatzaren 12an, igandean, Txalakako errota, Arraskuko errota, Ugarteko errota eta Ihurrita errotara bisita gidatua izango da Alex Rotetarekin. Bisita 10.00etan Ihurrita errotan (Ugaldetxo) hasiko da eta Xorrola autobusean joango dira errotatik errotara. Ekintza doakoa da, baina Oarsoaldeako Turismo Bulegoan eman beharko da izena (tel.: 943 494 521).