2024etik 2030 urtera arte indarrean egongo den Berdintasunerako IV. Plana onartu du ahobatez Hernaniko Udalak azkeneko osoko bilkuran. Udaletik aditzera eman dutenez, Emakundek Berdintasuneko Udal Planak egiteko orduan lau arlo kontuan hartzeko gomendioa luzatzen du: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, gizarte antolaketa eraldatzea eta indarkeria matxistarik gabeko herria.

Bost esku-hartze

Hernaniko Udalaren IV. Planak lau horiez gain, bosgarren esku-hartze arlo bat ere izango du: zaintzaren antolaketa eraldatzaileak arlo propioa izango du lehen aldiz.

Gainera, dokumentuan 25 helburu zehaztu eta horiek gauzatzeko 93 ekintza konkretu jaso dira, baita horiek ebaluatu ahal izateko 18 adierazle ere.

Ayuntamiento de Hernani Aitziber Muga

Aurreikusitako ekintzen artean daude, besteak beste, Berdintasuneko Barne Plana lantzeko prozesua martxan jartzea; Kulturarteko Plaza Feministaren egitasmoa sendo-tzea, izaera komunitarioan indarra jarriz; zaintza-eskubide kolektiboaren gaineko kontzientzia lana egitea eta etxeko langileei begirako arreta integrala ematea; gizonezkoak feminismoan sentsibilizatzeko eta aldaketak eragiteko bideak hausnartu eta ekimenak antolatzea; indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta eta laguntza emateko baliabide eta zerbitzuen gida berritzea eta III. Protokoloa osatzea.

Ondutako Plana

Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, “errealista eta egingarria” izango den Plana ondu da. “Udal sail guztien ardura partekatua” izango dela ere azpimarratu zuen, “ez baita Berdintasun sailaren kontua bakarrik”.

Kulturarteko Plaza Feminista Aitziber Muga

Hortaz, Hernaniko IV. Berdintasun Planak paradigma feministatik lan egingo du, emakumeen ahalduntzea helburu izango du eta intersekzionalitatea aintzat hartuko du.