Ostegun honetan bertan hasi da Tolosako Bertako Haragien Azoka, kultur etxean ospatu den Elkartu eta elkarbanatzen topaketarekin. Pasa den astean Udaleko ordezkariek beste hainbat eragileekin batera egin zuten festa honen aurkezpena.

Hortaz, ostegun honetan hasi eta igandera bitartean, “formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartuko ditu hitzorduak, beti ere inguruko haragian zentratuta”. Aurtengoan gainera, ikuspegi aldaketa nabarmena izan du festak, “bertako haragien ekoizpenean” sakonduko baita aurten.

Topaketak

Aipatu bezala, ostegun honetan hasi zen azoka, Tolosako kultur etxean eginiko topaketarekin. Batetik, Nerea Vianak, Sakanako Garapen Agentziako Elikadura teknikariak, Kalaska Kooperatiba ezagutzeko aurkezpen-hitzaldia emango zuen.

Hain zuzen, bailarako abeltzainekin batera Sakanako hiltegia berritu eta haragia eraldatzeko zatitze gune kolektiboa sortu zuten. Vianak eredu horren nondik norakoak partekatu zituen ostegun honetako hitzaldian.

Ondoren, Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak izeneko mahainguruan parte hartu zuen Vianak berak, sektoreko beste hiru emakumerekin batera. Izaro Zubiria, Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina; Helena Muñagorri, Muñagorri Harategiko harakina; eta moderatzaile lanetan aritu zen Josebe Blanco, Hausnarrean liburuaren idazlea eta artzaina.

Ostiralean, berriz ere, jarraipena izango du eskaintza formatiboak, eta Tolosako Zerkausia ikasgela bihurtuko da. Haragiaren ekoizpenean zentratu ordez, ordea, despiezea eta gastronomia uztartuko ditu Haragi ezberdinen zatikatze eta kozinatzea izeneko ikastaro praktikoak, Cárnicas Alejandro Goyako Miguel Cruzen eskutik. “Batik bat arkumea, behia, txerrikumea eta oilaskoaren inguruko azalpenak jasoko dira ikastaroan. Helburua da etxera eramaten ditugun baina horren ohikoak ez diren piezak aprobetxatzen ikastea”, azaldu du Cruzek.

Bien bitartean, alboan, zuzeneko sukaldaritza erakustaldia egingo dute Javi Riverok eta Gorka Ricok (AMA); Xabi Gorrotxategik (Casa Julian); Joxe Mari Barriolak (Barriola Harategia); eta Felix Belaunzaranek (Iriarte Jatetxea). Bakoitzak bere etxeko espezialitate bat prestatuko du.