Hainbat eskaera egin zizkieten EAJko Udal Taldeko kideek EH Bilduren Udal Gobernuko kideei pasa den astelehen arratsaldean, apirilaren 29an, ospatu zuen Tolosako Udaleko udalbatzak apirileko ohiko Osoko Bilkuran. Besteak beste, jeltzaleek adierazi dutenez, “Tolosako Udalaren eskumen soila izanik, gaur egun hutsik dauden hainbat etxebizitza eta aparkalekuren esleipena egiteko” eskatu du EAj-k, “inolako justifikaziorik gabe atzeratzen ari direla” argudiatuta. Alde batetik, Euskal Herria Plazan gazteentzako erreserbatuta dauden alokairuzko 25 apartamentuetatik, “mezu hau argitara ematen den egunean 13 apartamentu hutsik eta erabilerarik gabe daudela” aipatu du EAJ-PNVko Xarles Iturbe ordezkariak. “Horietako batzuk gainera urtebete bano gehiago daramate hutsik eta beste pare bat pasa den urteko uztailetik, esate baterako. 68 gaztez osatutako itxarote-zerrenda ez da azkeneko 9 hilabetetan mugitu ere egin, eta, beraz, EAJk Udal Gobernuari eskatu dio, azken hilabeteetan behin eta berriz egiten ari den bezala, beharrezko kudeaketak egin ditzala aipatutako 13 apartamentuak berehala gazteei eskaintzeko, aurreko legealditik indarrean zegoen itxarote-zerrendatik tiraka, horretarako ez baita behar inolako dekreturik”, gaineratu du Iturbek.

Bestalde, EAJk Arrillagan 105 aparkaleku-plaza emakidan emateko pleguak berehala argitaratzea eskatu du, egungo alokairuko lagapena iraungita dagoelako, alde batetik, eta bestetik, euren hitzetan, “gaur egun Arrillagan 38 garaje-plaza huts daudelako”. Talde jeltzaleak gogorarazi zuen “iazko maiatzean utzi zuela prest garaje horiek esleitzeko deialdiaren proposamena, eta urte oso bat pasa eta gero, ez denez egin, garaje hutsen kopurua handitzen ari dela”. Azkenik, EAJ-k eskatu du lehenbailehen argitaratzeko, aurreko legegintzaldian egin zen bezala, hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzen deialdia.