Eskualdeko pandero-joleen eta trikitilarien topaketak adin guztietako 400 bat lagun batzea espero dute antolatzaileek Arrasaten larunbatean ospatuko den egun handian. Baina aurretik, ekitaldi desberdinak prestatu dituzte motorrak berotzen joateko.

Kulturola

Horrela, asteazken honetan, hainbat tailer eskainiko dituzte Kulturola eraikinean. Ostiralean, aldiz, Vanesa Muelaren kontzertuarekin gozatzeko aukera egongo da Portaloian (20.00etan). Tradizioari buruzko ikasketetan aditua da Muela.

Kulturola eraikina

Agertokietan lau urterekin hasi zen abesten, eta bi urte beranduago Valladolideko San Viator antzokian lehen emanaldia eman zuen, zenbait kanta tradizional zuzenean aurkeztuz. Hamabi disko kaleratu ditu, azkena Que me quiten lo cantao izenekoa. Ekintza hau Ibai-Arte Merkatarien Elkartearen eskutik Arrasateko Trikitixa Eskolak antolatutako egitarauan sartu da.

Lekuko aldaketa

Larunbatean pandero-joleak eta trikitilariak herriko txoko desberdinetan ariko dira 11.30ean hasita. Honi jarraituz, kalejiran joango dira Herriko plazara. Eszenatoki honetan, hurrengo urtean jaialdi ibiltari hau antolatzea egokituko zaion herriari emango diote lekukoa (14.00etan).

Ondoren, Uarkape pilotakekuan elkartuko dira bazkaltzeko, eta arratsaldean “kalejira erraldoiarekin” erritmoz eta kolorez jantziko dituzte kaleak. Festa bukatzeko erromeria egongo da Herriko plazan Iratzar taldearekin, 19.00etatik aurrera.