Aranburu Jauregiak bi erakusketa hartuko ditu ekainaren 1a bitarte. Oraingoan, gainera, Udaleko kideek azaldu dutenez, erakusketen bi egileak tolosarrak izango dira. Batetik, apirilaren 26tik aurrera, Angel Caballero zenaren karikatura lanak izango dira ikusgai, eta, bestetik maiatzaren 10etik aurrera, Mertxe Amondarain marrazkilariaren obrak. Azken honek, Gazako gatazka du gai nagusitzat.

Kulturan murgilduta txikitatik

Angel Caballero karikaturagile ezaguna izan zen herrian. Marraztea zen bere zaletasuna eta bere modeloak Tolosako herritarrak izan ohi ziren. Lapitza beti eskuan, edozein paper zen baliagarri, herritarren aurpegiak marrazteko. Erakusketen antolatzaileek azaldu dutenez, Iñaki Caballerok, artistaren ilobak, bere etxean aurkitutako material zaharrarekin osatutako bilduma ikusi ahal izango da Aranburu Jauregian. Marrazkiak, zirriborroak eta apunte soilak, hain zuzen ere. 80 karikatura baino gehiago, guztira.

Aranburu Jauregiko erakusketa baten artxiboko argazkia

Bigarren erakusketak Gazako gatazka du oinarri. Mertxe Amondarain tolosarrak, Palestinan bizitzen ari den izugarrikeria islatu nahi izan du, nolabait Palestinako herriari, oso modu xumean, bere laguntza eskainiz. Bere marrazkirako zaletasun eta dohainetik abiatuta, ilustrazioen bidez gertatzen ari dena irudikatu du, ahanzturan eror ez dadin.