Super Amara Bera Bera eta Malaga izango dira aurrez aurre play-offetako finalaurrekoetan, eta lehen partida datorren larunbatean bertan izango da, 19.00etan hasita, Donostiako Gasca kiroldegian; bigarrena berriz, Malagan, maiatzaren 19an.

Gasca

Pasa den larunbatean, Gascan, donostiarrek sufritu egin zuten Aula Valladolid mendean hartzeko (27-23); andaluziarrek, aldiz, partida lasaiagoa izan zuten etxean Granollersen aurka (27-19), Palaun jokatutako lehen partidan berdindu egin zutela kontuan izanda.

Liga erregularrean bigarren postuan geratu zenez, Malagak bere alde izngo du kantxa faktorea –aurtengo lehiaketa baldintzei erreparatuta horrelakorik esatea gehiegitxo bada ere–. Gauzak horrela, lehen partida Donostian jokatuko dute, Erreginaren Koparen atarikoa bailitzan, eta bigarrena –Kopako asteburuaren ondoren– maiatzaren 19an, igandearekin, 18:00etatik aurrera (Teledeportek eskainiko du telebistan).

Imanol Álvarez Bera Berako jokalariekin Javier Colmenero

Gipuzkoarrek eta Malagakoek hiru aldiz jokatu dute elkarren kontra denboraldi honetan. Lehenengo partida Gascan izan zen, berdinduta amaitu zen Iberiar Superkopako finalean (28-28), eta penaltietan etxekoak gailendu ziren. 20 egun geroago jokatu zuten Guerreras Ligako partida, eta Malagakoak garbi nagusitu ziren (26-21), donostiarren hasiera kaskarra baliatuta. Eta Donostiako itzulerakoan, Bera Berak irabazi zuen (25-21).

Finalaurrekoetan eta play-offeko finalean, abonatuek %50eko deskontua izango dute sarreraren prezioan: 7,50 eurotan geratuko zaie helduei eta 3 eurotan gazteei.

Play-offeko giltzaren beste aldean Porriño arerio zain dago, eta berdinketak balio dion Elxek asteazken honetan Beti Onak-en aurka jokatuko duen partidan erabakiko da azken txartela.

Zilarrezko Mailara igoera

Espainiako Eskubaloi Federazioak astearte honetan izendatu zituen maia-tzaren 10etik 12ra Zilarrezko Mailara igotzeko senior mailako sektoreak hartuko dituzten sei egoitzak. Bera Bera, Pontevedrako Cangasen jokatuko den B sektorean dago, Tapería Do Chata BM, Cangas, Real Grupo Covadonga Cultura eta Balonmano Sinfín-ekin batera. Aurrena sailkatzen dena soilik igoko da Zilarrezko Mailara.