Ziurgabetasunez beteriko udan honetan, ez dago mendiek eskaintzen duten segurtasuna bezalakorik

Mugez beteta aurkezten zaigun uda izan arren, Gipuzkoako mendiek lasai ibiltzeko bide ugari eskaintzen dizkigute. Jaizkibelgo menditik hasita eta Aizkorri mendilerroan amaituz, gure lurraldeak makina bat ibilbide egiteko beta aurkezten digu. Hona hemen udan honetan urrunera joan gabe egin daitezkeen lau txango:

Dolmen ubicado en el cordal Karakate-Irukurutzeta.

Dolmenen ibilbidea
Antzinean Deba eta Urola ibaien igarobidea izandakoa, egun 4.000 urte baino gehiago dituzten monumentuak aurki daitezke Karakate-Iturriberri mendilerroan. Dolmenen ibilbidea izendatua, Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak zeharkatzen dituen 11 kilometroko bide erraza eta desnibel gutxikoa da. Aralar, Aizkorri eta Anboto mendien bista ikusgarriak eskaini ez ezik, Neolitoko eta Brontze Aroko trikuharriak eta tumuluak aurki daitezke bertan.

Dolmen hauen lehen indusketak Aita Barandiaranek egin zituen 1921an eta hark jarri zion izena ibilbideari. Orain, altxor historiko hauek ezagutarazteko helburuarekin, hiru herrietako udalek doako bisita gidatuak eskaintzen dituzte. Urriaren 25era arte hamar txango programatu dira eta guztiak Karakateko aparkalekutik abiatuko dira goizeko 10.00etan. Interesa duenak 657 794 677 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz eman dezake izena.

Jaizkibelgo Talaia bidea
Hondarribiko Higer itsasargitik edo Pasaiako Alabortza kalatik hasita, Jazkibelgo mendia zeharkatzen duen bidea Gipuzkoako ederrenetarikoa da. GR 121 ibilbidearen lehenengo etapa den honek 22 kilometroko luzera du eta sei orduko iraupena izan ohi du. Udan, Jaizkibelgo arroketan bainatzeko aukera izaten da denbora izan ezean, aniztasun handiko urpeko inguruneaz gozatuz.

Gutxieneko forma fisikoa eskatzen duen bidea da honakoa, itsasbazterrean hasi eta Jaizkibelgo balkoirantz igotzen baita, non Bigarren Gerra Karlistan eraikitako hainbat dorre aurki daitezkeen. Hasierako puntura bueltatzeko, taxia edo autobusa har daiteke.

Gipuzkoako sabaia
1.551 metroko altuerarekin, Oñati eta Zegama artean dagoen Aizkorriko mendilerroa da Gipuzkoako puntu altuena. Aizkorri, Aketegi eta Aitxuriko tontorrak mendizaleen artean oso ezagunak dira eta euskal mitologiaren arabera, Mari jainkosaren pertsonifikazioa den Aizkorriko dama bertako leize batean bizi da.

San Adriango aterpetik hasita, izen bera duen tunelera eramaten du Aizkorriko tontorrera doan bideak. Gaztela eta Kantauri itsasoa lotzen zituen pasabidea izandakoa, egun ermita bat eta garai bateko eraikuntzen ondareak besterik ez dira geratzen. Tuneletik aterata, eskuinetara hartzen du bideak pagadi eder bat zeharkatuz eta aldapa malkartsu baten ostean, Santo Kristoko ermitara iristen da. Arantzazuko Santutegitik hasita ere bada mendilerrora eramaten duen beste bide bat, ikuspegi ederrak eskaintzen dituena.

Flyscharen geoibilbidea
Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatzen duen GR 121 ibilbideak altxor ugari ezkutatzen ditu. Zumaia eta Deba lotzen dituen tartean, lurraren historia geologikoaren azken 600 urteak arroketan idatzita ikus ditzake bisitariak, flysch deituriko formazio ikusgarrietan. Eusko Kostaldeko Geoparkean kokatuta, 14 kilometro ditu Gipuzkoako bi herri hauek lotzen dituen ibilbideak, lau ordutan egin daitekeena.
Zumaiako udaletxetik hasita, bideak Algorriko hondartzara eramaten gaitu, San Telmo ermitatik eta Itzurungo hondartzako itsaslabarretik pasaz. Itsasbeheran, Aitzuri hondartza zeharkatu daiteke forma geologikoak bertatik ikusteko, ondoren mendira eramaten duen aldapa batetik markatutako bidera itzuliz. Geoibilbide honek Sakoneta, Elgorriaga eta Algorri ibilbideetako 18 interesgune biltzen ditu, bai eta Santa Katalinako begiratoki ikusgarria ere. Behin Debara iritsita, aise itzuli daiteke Zumaiara trena hartuz.