Sara Zozayak musikaz inguratuta eraiki du bere mundua. Gaztetatik abestiak sortzen dituen kantautore donostiarrak 2018ko amaieran argitaratu zuen bere lehenengo bakarkako lana, “III” izeneko diska. Melodiak asmatu ez ezik, Nerabe taldeko abeslaria eta musika promotorea ere bada Zozaya.

Abenduan urtebete beteko da ‘III’ kaleratu zenuenetik. Atzera begiratuta, zer nolako balorazioa egiten duzu urte honetaz?

Atzera begira jartzen banaiz ez dut sinisten urtebete besterik pasa denik. III grabatu nuen garaian ez nekien gitarra elektrikoa jotzen eta oraintxe ez dago zuzenekorik elektrikarik gabe, adibidez. Denbora gutxian toki askotan jotzeko aukera izan dut eta sumatzen dut jendeari iritsi zaiola SZ bezalako proiektu hain introspektiboaren esentzia.

2020an lan berria argitaratuko duzula aipatu duzu sare sozialetan. Azkeneko lanaren jarraipena izango da ala zerbait desberdina duzu prestatuta?

Intuizioak esaten dit lan luze bat etorriko dela, baina 2021an seguraski. Bitartean, abesti batzuk falta zaizkit argitaratzeko, III lanaren bigarren zatia izango den diska berria osatuko dutenak. I deituko da, beraz, garbi dago lehenengoaren jarraipena izango dela. Hala ere, urte osoko eraldaketa abestietan eta produkzioan islatuta dator.

Duela gutxi adierazi duzu Bring Me The Horizon edo Viva Belgrado bezalako taldeak zugan influentzia handia izan dutela. Aberastasun horrek ze nolako isla du zure musikan edo letrak idazterako orduan?

Letrak ez dakit oso ondo nola datozkidan, baina bai musika eta hein handi batean aipatzen dituzun talde horietan aurkitu dut influentzia. Armonia eta progresio melodikoek antza dexente dute Post estiloko talde hauekin baina diferentzia estiloan dago nahiz eta jarrera bera konpartitzen degun.

Aurten Rockein eta Hiriko Soinuak sariak irabazi dituzu. Sari hauek zer suposatzen dute bakarlari batentzat?

Espero gabe iritsi dira biak eta izugarri lagundu didate lehen urte honetan. Datorren urte osorako planteamendua gainera egin dit Rockein irabazteak, izan ere, EP bat finantzatzen diote irabazleari eta horrek eman dit Ill-en bigarren zatia ateratzeko bultzada. Gainera, Bizkaian izugarrizko jende pila ezagutu dut eta bertan izan ditut kontzertu gehien.

Nerabe taldearekin ere hiru urte luzez daramazu taulagainean. Zein asmo duzue etorkizunera begira?

Abestiak sortzen ari gara eta denbora hartu dugu honetarako. Bitartean, kontzertu solte batzuk emango ditugu, baina lehentasuna hurrengo diska poliki eta ondo egitea da, presarik gabe. Durangon izango gara Toki-on diskarekin eta abesti berri bat ere kaleratuko dugu urtea bukatu baino lehen.

Musikari gisa aritzeaz aparte, Gure Bazterrak promotora eraman duzu orain arte Gratxina Lertxundirekin batera. Nolakoa izan da talde alternatiboak Donostiara ekartzeko ahalegin hori?

Egia da hasieran modu erromantikoago batean ikusten nuela musika mundua. Orain, aldiz, musikaren industria dela ulertzen dut eta beraz kontuz egin behar dira gauzak, denbora finitoa baita. Eszena ez dagoen tokian ezin da ezer egonkorrik eraiki, eszena berri bat baino, eta horrek denbora eta inbolukrazio desinteresatua eskatzen du.

Euskal eszenan emakumezko bakarlari eta musikari dezente agertu zarete azkenaldian. Pixkanaka bada ere, aldaketak sumatzen dituzu?

Bai eta ez. Izen gehiago bisibilizatzen dira baina, hein handi batean, instituzioetako kuotak betetzeko dela ulertzen dut, beraz ez dakit arrazoi zintzoekin jokatzen den. Hala ere, aurrera goaz eta berdintasunerako bide honetan, emakumeak indartsu gatoz, gehienbat betidanik gugandik espero den hori aldatzeko asmoz. Horrek beldurra eragiten badu, norbait deseroso sentitzen bada, ondo goaz.