Arrakasta lehenengo diskoa kaleratu zuenetik datorkio Huntza taldeari. Goia jo ondoren, Xilema lanean erakutsi dute Aldapan gora baina askoz gehiago direla. Lagun kuadrilla honek helburu garbi bat dauka taula gainera igotzen denean: “Kontzertu guztietan publikoak goza dezan nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da geuk ere ondo pasatzea”.

Orain arte egindako gauza guztietatik zertaz zaudete harroen?

Taldekideok egin dugun bilakaeraz, alegia, lehenengo kontzertuetatik gaur egunera egin dugun aurrera pausoaz. Gure ibilbidea berezia izan da oso, talde gutxiri pasa zaie horrelako zerbait, hau da, lehenengo diskoarekin halako arrakasta izatea. Gauza asko ikasi behar izan ditugu denbora gutxian eta askotan presioa ere antzeman izan dugu.

Huntzaren kontzertu bat lehen aldiz ikustera joaten denak zer ikusiko du taula gainean?

Dibertsioa. Kontzertu bakoitzean publikoak gozatzea dugu helburu eta horretarako ezinbestekoa da  guk ere ondo pasatzea.

Nola ikusten duzue euskal eszena?

Musika estilo anitzak daude euskal eszenan eta hori pozgarria da. Hala ere, oraindik bada hutsune bat eszena parekidea lortzeko bidean. Herriko festa edota jaialdi handietan emakumeek duten presentzia baxua da, bai oholtza gainean zein atzeko lanetan.

Xilema diskoak freskotasuna transmititzen du; erritmo alaiak eta betiko euskal musika eta garaiko musika primeran uztartzen ditu. Haritz Harreguiren laguntzarekin grabatu duzue.  Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Esperientzia polita izan da disko honen grabaketa. Beste diskoak ere Haritzekin grabatu izan ditugu eta oso gustura aritu gara oraingoan ere. Jada, konfiantza dugu Haritzekin eta erraza da berarekin lana egitea, argi baitu nolako soinua lortu nahi duen kantu bakoitzean.

Pop doinuak ere badaude, esaterako, Zelatari abestian. Estilo desberdinetan gustura ibiltzen zarete?

Bai, ez dugu estilo konkretu batean pentsatzen kantuak sortzerakoan. Melodia bakoitzak, egun bakoitzak eta momentu bakoitzak erritmo zein kolore ezberdinak eskatzen ditu eta horri tiraka hastean kantuak alde batera edo bestera jotzen du. Guk libre uzten dugu kantua eta ateratzen dena gustatuz gero, aurrera; konbentzitzen ez badigu, zerbait aldatu edota berriro hasten gara hasieratik emaitzarekin gustura geratu arte.

Zuen lanetan giro ona da nagusi, hortaz, taldekide baino gehiago lagunak izango zarete…

Gure artean giro ona izatea eta egiten dugunarekin gozatzea “lege” moduko bat da guretzat. Huntza lagun artean sortutako proiektu bat izan zen eta izaera horri eustea ezinbestekoa da.

Euskal musika munduan zehar erakustea bezalakorik ez dago eta zuek lortu duzue Glasgowen eman diozue eta birari hasiera.

Eskerrak ematen ditugu suertatzen ari zaizkigun aukerengatik: Japonian izan ginen, gero Argentinan eta Uruguayen, eta aurten Glasgowen. Euskal Herritik irtetea beti da aberasgarria eta bestela ezagutuko ez genituzkeen leku, txoko eta jende ugari ezagutzeko aukera ematen digu.

Zeinek bota zuen Promesetan abestiaren hasierako irrintzia? Sekulakoa da.

Bi irrintzi dira, elkartuak, super irrintzi bat osatzeko (kar kar). Mariano Izetarenak dira irrintziak, Alan Lomaxen Baztango grabazioetatik ateratakoak.