Urte asko dira Teleberrian albisteak ematen hasi zela eta dagoeneko ohituta gaude telebistaren pantailan ikustera. Baina benetan ezagutzen al dugu Hondarribiako berriemailea? 

IGOR SIGUERO

Mania arrarorik baduzu?

Egia esan ez. 10 urtez etxea lagunekin partekatu dut Bilbon eta mania bereziren bat izanez gero, nere buruaz beste egingo nuen. Beraz ez, Jack Nicholsonen mania arraroak ez ditut.

Ikasle ona al zinen?

Ona bai, ikasgelako lagunekin bai, oraindik ere harremana badaukat euretako batzuekin. Azterketen emaitzak…. hori beste kontu bat da, ozta-ozta irailean gainditzen diren ikasketetan arreta handirik ez nuen jartzen. Nik nire sosak irabazi nahi nituen, independentzia izateko.

Lotsarik gehien pasa duzun unea.

Lotsa handirik ez daukat egia esan, baina sekula ez dut ahaztuko Eroskin erosketak egiterakoan saltzaileak kutxatik bota zizkidan loreak. Supermerkatua lepo zegoen eta guztien begiradak nigana zuzendu zitzaizkidan. Telebistatik ezagutu ninduen eta egia da aurpegia ondo gorritu zitzaidala.

Zein telesail ari zara ikusten orain?

HBO plataforman El cuento de la criadarekin ‘engantxe’ handi xamarra daukat. Atzo bertan hiru kapitulu jarraian ikusi nituen.

Zein pertsona famaturekin joango zinateke zerbait hartzera?

Famatua behar al du? Elkarrizketa hau erantzuten ari naizen bitartean Felipe VI erregea aurrealdean daukat, Bilboko energia berriztagarrien meetingean nago, eta talo bat hartuko nuke berekin nola pentsatzen duen jakiteko.

Bihurrikeriaren bat egiten harrapatu al dizute inoiz kamerek?

Bai, behin zuzeneko konexio batean dantzan harrapatu ninduten!

Eta behar ez den momentuan barrea eskapatu al zaizu?

Bai, askotan! Izena aldatu didaten horietan esaterako, Igor beharrean Aitor deitu ninduten eta bai, barreari eustea kosta egiten da horrelakoetan.

Zerk eragiten dizu barrea eta zerk negarra?

Barrea, bi ardok! Eta negarra, ultraeskuinaren agerpenak, lortutako eskubideak atzera bota ezinak ziruditen eta argi eta garbi arriskuan daude.

Asteburua: deskantsatzeko edo parrandarako?

Batzuetan lotarako eta besteetan parrandarako, parrandak tartekatzen badira gorputzak hobe aguantatzen du.

Zein albiste gustatuko litzaizuke ematea?

Loteria tokatu zaidala. Eta nere azkeneko lan eguna dela kontatuko dudan hori! Ez, benetan, gizarte solidarioago bat garen albistea ematea gustatuko litzaidake, baina ETAren amaiera kontatu izanak… hori baino albiste onagorik ez da izango.

Kapritxosoa al zara?

Janarekin bai, edozerekin ez naiz konformatzen. Etxean bai, baina kanpora jatera joatean mutur finekoa naiz.

Sare sozialetara ‘engantxatuta’ al zaude?

Nahi baino gehiago begiratzen ditut. Kotilleoa bada zerbait gizakiak berezko duena, ondokoak non dabiltzan, zein bidai egin duten edo nongo lagunekin dabiltzan. Ideiak hartzeko ere balio du.