Lesio batek joko eremutik kanpo utzi zuen 31 urte besterik ez zituenean. Futbola alde batera uzteko erabakia hartzea gogorra izan zen, baina Imanol Agirretxe ez da atzera begiratzen duen horietakoa eta ziur dago hartutako bideaz. Kafesne baten berotasunean, kirol prentsari buruz, Realaren aldagelaz eta etorriko denari buruz mintzatuko gara bere herrian, Usurbilen.

Eguraldi ederra dago gaurkoan Usurbilen eta tabernako terrazan hartuko dugu kafesnea. “Lasai, nik eskatuko dut”, esan digu Imanolek. Tipo elegante, erreflexibo eta lasaia da. Ez du galdera gidoia aurretik ikusi nahi izan, nahiz eta prentsarekin tira bira bat edo beste izan duela kontatu digun.

Zein da futbolari lotuta duzun oroitzapena?

Lehengo oroitzapena, Anoetara nire aitarekin joaten nintzenekoa. Hor izan nuen lehen hartu emana futbolarekin eta oroitzapenik politena da niretzat. Autobusa hartu eta zelaira joaten ginen elkarrekin. Hain handia iruditzen zitzaidan orduan…

Zein jokalari dituzu gogoan?
Kovačević, De Pedro, Aranburu… Asko daude.

Gogoratzen duzu zertan ari zinen Realean jokatuko zenuelaren berri eman zizutenean?

18 urte nituen, Sansen nengoen jubeniletan jokatzen. 2005 urteko maiatza zen. Oso gazte nintzen, zenbat urte pasa diren! Entrenatu eta gero, Jose Mari Amorrortu entrenatzaileak iradoki zidan akaso aste horretan bertan sartuko nintzela Realean. Poztu nintzen, bai, baina aldi berean “grogi” gelditu nintzen, ez dakit zehazki zer sentitu nuen: urduritasuna, erantzukizuna, poztasuna. Denetarik pixkat. Gero dena oso azkar etorri zen. Hurrengo asteburuan, jada, Getafen nengoen Realaren elastikoarekin jolasten.

Nola izan zen lehen partida hura?

Esan bezala, dena oso azkar joan zen eta ekipamendurik ere ez nuen! Konbokatu gabe zegoen jokalari batek –Bréchet– bere arropa utzi behar izan zidan, eta partida baino lehen bere etxera joan behar izan nintzen, bila. “De prestado” joan nintzen. Horrez gain, beste guztia ere berria niretzat: hotelean lo egitea eta, batez ere, gizonekin batera aritzea, ordurarte lagunartean jokatzen bainuen. Kolpetik mundu berri batean sartu nintzen, futbol profesionalaren munduan. Toki guztietako taldekideak, kontzentrazioak, profesionaltasuna, dena zen berria niretzat. Duela urte gutxi miresten nituen jokalariak, bat batean, nirekin zeuden zelaian eta aldagelan. Amets bat izan zen.

“Imagol” deitzen zizuten. Gustuko duzu ezizena?

Ez dizut esango polita ez denik, baina nire lagunek ez didate sekula horrela deitu, hori zuen (kazetarien) gauza da.

Sentitu duzu jendearen kariñoa?

Herrian oso ondo tratatu naute. Frontoian jolasean aritzen zen gazte hori Anoetan jolasten ikusteagatik harro zeudela transmititu didate. Familian, zer esanik ez. “Agirretxe taldea” ere herriko jende askoren ekimenez sortu zen eta nire bizitza profesionalean gertatu zaidan gauzarik politena horixe izan da, alegia, lagun talde hori sortzea.

Lesio baten ondorioz erretiratu behar izatea ez da gauza samurra. Gogorra izan zen erabakia hartzea?

Onena izan da hasieratik garbi izan dudala. Erretiratzeko unea argi eta garbi ez ikustea, zalantzak izatea, hori zen nire beldurrik handiena. Alde horretatik, suerte handia izan dut, lesio batengatik izan delako. Azkeneko hiru urteotan lesio pila izan nituen eta, zoritxarrez, ez nuen batere disfrutatu futbolean jolasteaz. Lan pilo egin nuen errekuperatzeko, baina azkeneko lesioak argi utzi zidan erretiratu behar nuela. Zentzu horretan, lasai nago erabaki egokia hartu dudalakoan nagoelako. Jarraitzeko aukera nuen, baina hori mundu guztia engainatzea zela ikusten nuen. Kontzientzia lasai edukitzea gauza ederra da.

Argi ikusi arren, ez zen erraza izango…

Azkenean, futbolean jolastea gehien gustatzen zaidan gauzetako bat da eta pena eman dit, noski, horri uko egitea, baina zoriontsu nago.

“Nire bizitza profesionaleko gauzarik politena izan da Agirretxe Taldea”

Ingurukoak ondoan eduki zenituen erabakia hartzeko orduan?

Erabakia azkar hartu nuen, nik bakarrik. Lan asko egin nuen aurredenboraldian eta baita udan ere. Ia limiteraino prestatu nuen nire gorputza kondiziorik onenean egoteko. Eta gero lesioa hain erraz etorri zen, entrenamendu soil batean. Lesioa gertatu eta gau horretan bertan bueltaka hasi nintzen. Hurrengo goizean, 24 ordu pasa baino lehen, Robertorengana (Olabe) joan nintzen nire erabakiaren berri ematera. Denentzako sorpresa bat izan zen, shokean gelditu ziren, baina ni lasai nengoela ikusi zuten.

Eta gero zer?

Gero uholde bat etorri zen. Anoetako omenaldia jaso nuen eta ondoren, bi aste eman nituen komunikabideei elkarrizketak emanez. Puntu eta aparte egin behar nuela erabaki nuen, behar nion esan nire buruari: “Imanol, hau bukatu da”. Oporrak hartu ditut gortina itxi behar nuelako nolabait.

Reflexiboa zara?

Asko ikasi dut, batez ere azkeneko hiru urteotan. Oso bolada gogorra izan da, lesio askorekin eta lan handia egin behar izan dut, buruarekin batez ere. Futbolariok denon ahotan gaude egunero eta polita da dena ondo doanean, baina gaizki zaudenean, lesioak sufritzen, kirofanoan, muletarekin ibiltzen… Oso nekagarria da jendea zure gainean egotea, nahiz eta solik galdetu ondo zauden, baina pentsa ezazu egunero 25 pertsonek galdetzen dizutela zer moduz zauden. Ezinbestekoa da nolabait aldendu eta perspektiba hartzea.

“Erretiratzeko unea argi eta garbi ez ikustea, zalantzak izatea, hori zen nire beldurrik handiena”

Gaizki pasa duzu prentsaren ondorioz.

Egunero nire lesioei buruz hitz egiten zuten eta ezinbestekoa zen perspektiba hartzea ez hondoratzeko. Egunero egin behar izan dut erlatibizatzeko ariketa hori. Titularrei kasu eginez gero, existitzen ez den arazoa, arazo izaten hasten da eta eroetxean bukatzeko zorian bukatu dezakezu.

Oso azkar bizi behar izatea, espabilatu behar izatea, hankak lurraren gainean edukitzea. Hori dena ezinbestekoa da profesionalki aritzen den futbolari batentzat, ezta?

18 urterekin debuta egin nuenean, partida bukatzerako hamar kamera eta beste hainbat “alkatxofa” nituen aho parean, gazteleraz justu-justu nekien eta nahiko lan nuen esaldiak lotzearekin. Futbol profesionalean ez daukazu beste erremediorik, espabilatu behar duzu. Gauzak neurtzen ikasi behar duzu eta ikastaro aurreratu bat egin bizitzako alderdi guztietan (barreak).
Zer egiten ari zara orain?

Realean lanean hasteko asmoa dut, baina momentuz ez dago ezer konfirmatzerik. Kondizio bakarra jarri nien: lau hilabetetan ez deitzeko, eta errespetatu egin didate. Oso lasai egon naiz, kirola egin dut, oporretan joan naiz nire familiarekin, etxean egoteko aukera ere izan dut. Oso kirolzalea naiz, mendira joatea, frontoian, txirrinda… Asko disfrutatzen dut eta orain ez dut futbolaren esku-frenoa. Eskian ikasteko gogoa daukat. 10 urte nituela joan nintzen lehen aldiz, ikastolarekin, eta berriro heldu nahi diot. Asteburuak ere aprobetxatu nahi ditut, lagunekin eta familiarekin egoteko, 15 urte nituenetik ez baitut astebururik izan. Orain plan asko egiteko aukera daukat eta txikikeria badirudi ere, asko baloratzen dut.

Ikusten dituzu Realaren partidak?

Hasieran ez nuen ikusten, ezta telebistatik ere, aldendu beharra nuelako, baina berriro hasi naiz Anoetara joaten eta pila bat ari naiz disfrutatzen.

Bi alaba dituzu.

Nagusiak hiru urte eta txikiak 11 hilabete ditu, eta oso “kañeroak” dira, gure arreta behar dute erabat eta nire emazteak batez ere asko eskertzen du etxean egotea.

Mikel Recalde kazetariak hauxe esan du: “La fuerza de la Real siempre ha estado en el vestuario”. Zer erantzungo zenioke?

Berarekin bat nator. Realak indargune berezia du aldagelan. Klubean sartzean hori jaso nuen, eta atzetik datozenek hori bera jasotzea espero dut. Aldagelak plus bat ematen du, jokalari profesionalak izateaz gainera, gutako askok Reala sentitzen dugu eta horrek plus bat ematen du. Ez da lan bat bakarrik, baizik eta barnean dugun sentipen bat, eta hori transmititzen saiatu gara. Lagunak ere egin ditut, lagun pilo bat eta hori betirako da.