Benito Lertxundiren unibertsoan murgiltzea ez da egunero gertatzen den zerbait. Orion izan gara, artistaren eta bere kantuen arteko borrokaldien egoitzan, bere ganbarako argi-zuloan zenbait txori pausatu diren bitartean. Artistaren begirada serenoa lagun izan dugula, bizitzaz, musikaz, perfekzioaz eta txoriek maite duten doinuez luze mintzatu gara.

Beragatik ez balitz”, esan digu Benito Lertxundik bere emazte Olatz Zugastiri erreferentzia eginez. Izan ere, Kantaita Enea izenaren pean, abentura berriari ekin dio Lertxundik, bere zigilu propioa sortuz. Negozioa bere osotasunean ezagutu nahi zuelako heldu dio erronkari, baina kudeaketaren ardura Olatzek hartu du bere gain. Kantuen sorrera da finean artistari inporta zaiona.

50 urte baino gehiago daramatzazu musika egiten eta sarrerak agortu egiten dira kontzertu bat iragartzen duzun bakoitzean. Donostian emanaldi bakarra eman behar zenuen, baina azkenean bi izan dira.

Jendea zaletu denean egiten duzunarekin, ez da esplikaziorik bilatu behar, beharbada ezin dut nik neuk hori neurtu. Nire abestiek karisma, deigarritasuna, erakartzeko edo zaletzeko gaitasuna izango dute. Beharbada egiten dudan horrek jendeari interesatzen zaion edo sentimendua zirikatzen dion zerbait dauka. Emozioen munduari eraso egiten diogunean, emozioak piztu egiten direlako.

Jendearen bizitzaren parte izatea omen da satisfakzio gehien ematen dizuna. Irakurri dut, eta honek inpresio handia egin dit, hiltzeko momentuan zure kantaren bat aukeratu izanak ez zaituela triste jartzen…

Toki honetan, askotan, aritu naiz borrokan nire kantuekin eta asko pozten naiz jendeak kantu horiekin bizipen bat izan duela kontatzen didanean: batzuk ezkondu dira, beste batzuk hil… Asko inpresionatu ninduen lehen aldiz kontatu zidatenean pertsona batek nire kanta bat aukeratu zuela hiltzeko momentuan. Pozten naiz norbaiti lagundu badiot, hiltzeko bada ere. Orain ez da gutunik idazten, baina garai batean idazki benetan ederrak bidaltzen zizkidan jendeak. Musikari esker nire bizitzaren zati bat hor dabil, beste batzuen bizitza zatietan murgilduta.

Kanpora baino barrura begiratzen duzun horietakoa zara?

Barne edo kanpo, dena da bat. Gero eta gehiago kostatzen zait zatiketa hori egitea. Nik zerbait irakurri edo entzuten dudanean, gozatzen dut. Naturalezaz esango nuke ez naizela alaia, ez tristea, barea naizela esango nuke, serenoa. Baretasunaren planoa gustatzen zait; alaitasuna mozkortze bat dela iruditzen zait, eztanda bat da eta esentzia galtzen duzu; tristezia ere desgarro bat da, traumatikoa da eta horrek ere trastornatu egiten zaitu, nerbio sistema alteratuta daukazu. Aldiz, begirada sereno bat neutrala da, orekatuta dago. Igarle ona da eta hori da bizitzen laguntzen dizuna, gauzak antzemateko gaitasuna ematen dizulako. Gehiago esango dizut: adimena, inteligentzia, plano horretan gauzatzen da.

Perfekzionista hutsa zarela esaten dute.

Beti entzun dut hori nire buruaz, baina azkenaldi honetan perfil horri begira jarri naiz: alegia, zer da perfekzionista izatea? Asekaiztasun bat dago nire perfekzionismoaren atzean eta horri begira konklusio bat atera dut: perfekzionista, hastekoz, lotsatia da, sakonean txarra sentitzen delako: “Ze txarra haizen!”, errepikatzen dio sarritan bere buruari, horregatik tarte handia dauka hobetzeko. Egin duzunarekin lotsa sentitzen duzu, kanpora bilutsik aterako bazina bezala.

Harroaren kontrakoa izango da perfekzionista…

Ez pentsa, perfekzionistak hain ondo egin nahi ditu gauzak, gero harro egon nahi duelako. Jendearen begirada kritikoaren beldur da perfekzionista.

Ospakizun Gauean, horixe da zure azkeneko diskoa, duela egun gutxi Kursaalean aurkeztu duzuna. Zure diskoetan jasotzen dituzun kantak, diskoa plazaratu baino lehen kantatzen dituzu kontzertuetan. Hori ez al dago marketing arauen aurka?

Kantuak egin ahala gustatzen zait zuzenean aurkeztea, gorpuztu egiten direlako. Hiru urte eman ditut zuzenean kantatzen. Zergatik diskoa orain? Ez nuen presarik, egungo diskagintzak ez baitu lehen bezainbeste saltzen eta denbora honetan, kantak hazten joan dira.

Kantaita Enea zigilu propioa ere abian jarri duzu, zuk zeuk produzitutako diskoa da. Negozioaren beste partea ezagutzeko aukera izan duzu?

Nire bizitzan ez diot asko erreparatu negozioari. Azkenaldian, kuriositatea nuen, behin kanta egin ondoren, horrek jarraitzen duen prozesua bere osotasunean ezagutu nahi nuen.

Eguneko zein momentutan sortzen duzu?

Gaupasa asko egin ditut estudio honetan. Erabat gautiarra izan naiz, txoriak kantari hasten zirenean, lotara joaten nintzen. Ez da denbora asko txori batzuekin esperientzia berezi bat izan nuen. Kanta bat sortzen ari nintzela, kanta galdu egiten zitzaidala sentitzen nuen, letra edo doinua zen ez nekien. Hiru tonu erdi jaitsi nuen eta halako batean hiru txori etorri zitzaizkidan leihora. Tonua igo, eta txoriek alde egin zuten. Horretaz jabetuta, tonu erdia jaitsi nuen, eta ez zen ezer gertatu; jaisten jarraitu nuen, tonu erdia aldi bakoitzean, eta hiru tonu erdira iristean, berriro etorri ziren, kantari. Hiru aldiz errepikatu nuen prozesua eta hirutan gauza bera gertatu zen. Zergatik? Hori delako txorien tonua. Txoriek agindu zidaten horrela behar zuela izan. Txoriek ez dakite solfeoaz edo teknikaz, baina bere mundu sentsitiboa alteratzen du musikak.

Naturari kantatu diozu sarritan.

Dena da natura eta dena dago elkarlotuta. Baina kantuak sentipenen ondorio dira. Udazken koloretan, adibidez, istripuz hildako kide baten omenez idatzi nuen. Martin Irizarren heriotzarena nire bizitzako egunik txarrena izan zen. Bidarraira gindoazela kontzertu bat ematea, buelta eman genuen euria ari zuela eta. Bezperan, Bidarraien eman behar genuen kontzertua bertan behera gelditu zen euria ari zuela eta, eta goiz erretiratu ginenez, Martin txirrindaz ibiltzera atera zen hurrengo goizean. Kotxe batek bat batean hil egin zuen.

Paul Macarneyk bezala, behin kanta bat amestu zenuen.

Ametsean urtarrileko giro negutiarra zegoen. Orioko eliza atarian nengoen, ilunabarrean, marinel eta emakume batzuekin. Oso ongi nengoen, gustura. Eliza beteta zegoen, hileta bat zen, eta gure artean afektu handia zegoen. Une horretan elizatik kantu bat entzuten dut eta nire ahotsa da. Jendea hunkituta dago, negarrez. Hitzak falta zaizkit adierazteko zer sentitzen nuen baina amets horrek markatu egin nau. Esnatu nintzenean oharkabean kantu hori abesten ari nintzen. Jaiki, gosaldu eta handik ordubetera gitarra hartu nuen doinua ateratzeko. Letra bakarrik falta zen. Jorge Bucayren liburu bat hartu eta azkeneko orrian zegoen testua euskaratuz goitik behera kantatu nuen. Horrela zioen: Y si es cierto que has dejado de quererme/ yo te pido,/ por favor,/ ¡no me lo digas!/ Necesito hoy/ todavía/ navegar/ inocente en tus mentiras…/

Kantak hegan daudela esaten duzu. Erabiltzen duzu Spotify edo antzekorik musika entzuteko?

Nik hau ez dut sekula erabili (estudioko mahaiaren gaineko ordenagailua seinalatuz). Analfabeto hutsa naiz, ez dakit piztu ere egiten. Inoiz ez naiz hor sartu, ez zait interesatzen, gainera begirune handia diot. Mundu horretan sartuko banintz, etxetik atera gabe, engantxatuta, egongo nintzateke seguru asko. Nahiago dut nire gisara ibili: nik gobernatu nahi dut nire bizitza. Nik aukeratu nahi dut produktua, ez aldrebes. Ez ditut gauza asko behar bizitzeko; gauzak sasiak dira, eta ez dut sasien artean ibili nahi.

Adimena edo askea da, edo ez da adimena; mentalitatea da” esan duzu inoiz.

Mentalitatea soldaduzka da. Kontzeptuen zerbitzura zaude, munduko sineskeria guztiek soldaduak behar dituzte bizirik mantenduko badira.

Erloju konpontzaile izan zinen 19 urterekin, baina bezeroak kexu ziren, paradoxikoki erlojudendak berandu irekitzen zuelako, antza, abesten entretenitzen zinen…

Relojeroa Martin Lizaso zen, herriko abesbatzako zuzendaria. Musiko autodidakta zen; elizara organua jotzera joaten zen eta nik, ezkutuan, entzuten nion. Niretzako karisma handia zuen gizon hark eta horrexegatik hasi nintzen bere erloju-dendan lanean. Bertan irrati bat genuen eta Elvis Presleyren musikarekin zaletu egin nintzen, bere kantak euskaratu egiten nituen. Bere etxean ere lauda jo nuen lehen aldiz, eta handik gutxira gitarra bat erosi nuen. Erloju dendan gitarra jotzen hasi nintzen eta orduak oharkabean pasatzen zitzaizkidan. Jendea kanpoan, zain, zegoen bitartean. Martinek musika munduan sartzeko sugerentzia egin zidan, baina berez erloju-denda uztea nahi zuen (barrez).

Ez dok amairu, euskal musikaren erroan dago baina hasieran zalantza asko izan zenituen.

Lehenengo bilera horretan jende asko elkartu ginen, tartean, apaiza bat, txa-txa-txa abesten. Oso arraroa iruditzen zitzaidan dena baina zerbaitek jarraitzea bultzatzen ninduen. Gerora, ordea, kultura berri bati ateak ireki genizkion, euskal kantagintzan inflexio puntua suposatu zuen: Ez dok amairu baino lehen, eta ondoren.

Zerk ematen dizu bakea eta zerk aztoratu?

Bakea konflikto ezaren ondorio da. Gaixo denak osasuna izan nahi badu tratatu gabe, alperrik dabil. Uneoro, gure barne-munduaren ikertzaile izan behar dugu, finean, barruan dugun mamuari adarretatik heldu behar diogu. Hori da, azkenean, bizitza.