Antioko ermita derrigorrezko bisita bihurtu da herriko jendearentzat eta baita turistentzat ere, bere edertasuna miretsi eta bistekin gozatzeko

Zumarragarren artean Antio zer den galdetuko bagenu, era askotako erantzunak jasoko genituzke, baina denak bata bestearen osagarri. Batzuk diote herriaren zaintzaile isila dela, bere kokalekua kontuan hartzen badugu. Beste batzuek, berriz, baselizen katedrala dela, bere arkitektura benetan ikusgarria baita. Eta badira batzuk Zumarragaren bihotza dela esatera ausartzen direnak. Hiru definizio, hiru ikuspegi, hiru sentimendu; eta denak guztiz baliagarriak.

Zumarraga eta Antio ezin dira bata bestea gabe pentsatu, biak bat dira. Baina zergatik da hain berezia zumarragarrentzat? Hasteko, bere leku pribilegiatua nabarmendu behar da, bertan Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Irimo gaineko bista zoragarriak baitaude. Horrez gain, bertatik ibilaldi benetan atseginak egin daitezke pagadi artean, eta deskantsurako aisialdiko gunea ere badu mahai eta harrizko eserlekuekin. Familia eta lagunekin eguna pasatzeko leku ezin hobea, beraz.

Dena dela, ingurua paregabea den arren, Antio bera da berezia. Bisitari asko jasotzen ditu ermitak eta, barneko edertasuna preziatu ostean, denak sentsazio positiboekin irteten dira bertatik. Bai dekorazio aldetik eta baita estruktura aldetik ere landatar izaera du, baserri arkitektura gogora ekarriz. Harriaren eta egurraren nahasketa aipagarria da, baina bere berezitasunagatik zerbait nabarmendu behar bada, egurraren ornamentazioan aurkitzen diren motiboak dira, baita Ama Birjinaren eskultura gotikoa ere.

Historian barrena Bere eraikitze data ez da ezagutzen, baina jakina da 1366an jada bazegoela, garai hartakoak baitira ermita aipatzen duten lehenengo dokumentuak. Hasiera batean tenpluaren tamaina txikiagoa zen eta harria erabili zen eraikitzeko, hareharrizko harlandua jatorrian eta, ondoren, kareharria. 1525 urte aldera izan zen, hain zuzen, gaur egungo dimentsioak hartu zituenean eta egun ikusi ditzakegun korua eta sabai handia eraiki zirenean, haritz zurez eginak.

Zumarragako herria oso inplikatuta egon da beti Antiorekin eta sekulako elkartasuna erakutsi du urteetan zehar. Horregatik egin dira bere kontserbaziorako erreformak behar izan den bakoitzean. Gainera, 1965eko irailaren 23an tenplua Monumentu Historiko-Artistiko Nazional deklaratu zuten, eta 1984ko uztailaren 27an, Euskal Monumentu Historiko-Artistiko. Gaur egun baldintza optimoetan kontserbatzen da; izan ere, mantenu lanak egiten jarraitzen dira Antioko Lagunen Elkartearen borondate onari esker. Aipagarria da ere Hiru Tenpluen ibilbidearen parte dela, Ignaziotar Lurraldeko Ibilbidean, Loiola Basilikaren eta Arantzazuko Santutegiarekin batera.

Parrokia bat baino gehiago Garai batean inguruko biztanleak gurtza egitera joaten baziren, orain denetariko ekitaldiak topatu ditzakegu bertan. Horien artean garrantzitsuena uztailaren 2ko Santa Isabelak dira. Egun horretan, tenplu barruan, Antioko Ama Birjinari ezpata-dantza eskaintzen zaio eta herri guztia murgiltzen da festan. Bestalde, iraileko larunbat oro Antiguako Musika Zikloa antolatzen da, besteak beste.

Inori ezagutzeko grina sortu bazaio eta bisita bat egin nahi badu, aipatu behar da parrokiaren aldamenean Interpretazio Zentroa aurkituko duela. Bertan informazio ugari eskuratu daiteke Antio eta Zumarragari buruz, XIV. mendean hasten den historian barrena ibilaldia eskainiz.

Mikel Serranorekin hizketan, Zumarragako alkatea

Herritarrek Antiori buruz zein iritzi duten ikusi dugu, baina zer dio Zumarragako alkateak? “Nor bere buruarekin egoteko eta hitz egiteko txokorik goxoena da. Bakarrizketa horretan, bakoitzak bere barnerako bidaia bizitzeko espazio paregabea”. Ermitaren berezitasuna harria eta egurraren arteko orekak osatzen duela uste du, “energia pizten du. Bakea gordetzen”. Bertan geroz eta emanaldi gehiago antolatzen direla dio Serranok, horietako bat, Antioko musikaldia: “Aurten 35. edizioa da. Antiotik pasa dira: Ainhoa Arteta, Christian Zacharias, Kalakan, Kukai, Oreka TX, Ara Malikian, Labequé ahizpak, Xabier Lete, Carlos Mena, Judith Jauregui, Donostiako Orfeoia, Nikanor Zabaleta eta Gorka Hermosa, besteak beste”. Baina argi duena da uztailaren 2ko ezpata-dantza dela bertako ekitaldirik bereziena, non “dantzariek eta txistulariek, herriaren izenean, aitortza egiten diote Antioko Amari”. Datuek Antiguaren arrakasta baieztatzen dute: “Aurten, gaur arte, 11.105 pertsona etorri dira Antioko ermita bisitatzera; horietatik, 5.255 turista uztailean eta abuztuan hurbildu dira”.