Umoretsua, eskuzabala eta koloretsua. Halakoxe da gure Elmer. 25 urte baino gehiago dira David McKee britainiarrak bere estreinako abentura plazaratu zuenetik eta, aizu, ez garela nekatzen. Orain gutxi, gainera, Ereinek elefantearen laugarren istorioa eman digu, euskaraz: Elmer eta Ostadarra. Koloreak galdu dituela eta, triste dago ostadarra eta Elmer hori konpontzen saiatuko da, bere erara, istorio maitagarri eta polit honetan.

Album ilustratua maite dugunontzat, plazer bat da bere orrialde koloretsuetatik igarotzea. Aldiz, zalea izateaz gain, guraso ere bazara, esango nuke ezinbestekoa dela haurrekin batera ipuin hauek irakurtzea. Izan ere, irakurzaletasunaren gozamena sustatzeaz gainera, gure gizarte honetan arrotz bilakatu diren baloreak transmititzen ditu: adiskidetasuna, eskuzabaltasuna, umorea, zintzotasuna. Aupa Elmer, urte askotarako!