Ba al da zumarragar batentzat Santa Isabel egunean ezpata-dantzan parte hartzea baino gauza hobeagorik?

Urtero-urtero uztailaren bigarren egunean egin ohi den bezala, astelehen honetan ere zumarragar guztiek beren egun handia ospatu dute: Santa Isabelak. Jaian zeharo murgilduta, Irrintzi dantza taldeak protagonismo berezia izan du aurten ere bere ezpata-dantza tradizionalarekin eta guk Josune Martin dantzariarekin hitz egin nahi izan dugu horrelako okasio berezi batean zer sentitzen den jakiteko.

Duela hiru urte irten zen dantzatzera lehen aldiz, 2015ean. Hala ere, berea ez zen estreinaldi bakarra izan, Irrintzi dantza taldeko beste hainbat emakumerena ere baizik. Izan ere, urte hartan lehen aldiz emakumeak ezpata-dantzan parte-hartzeko aukera izan zuten, aurretik gizonezkoak soilik irteten ziren, eta Josunek oso oroitzapen politak gordetzen ditu, inoiz ahaztuko ez dituenak. “Hasieran urduri geunden, ez genekien herriak zein erreakzio edukiko zuen, baina plazan agertu ginenerako inoiz baino jende gehiago zegoen, normalean ez da horrenbeste jende egoten. Animo piloa jaso genuen eta oso harrera ona izan genuen”.

Tradizioak agintzen duen moduan, Santa Isabel egunean dantzariak herriko plazatik irten eta Antioko ermitarantz abiatzen dira txistulariekin batera. Hara iristean, parrokia barruan ezpata-dantzarekin hasten dira, birjina aurrez aurre eta herritarrak atzean dituztelarik. “Lehenengo urtean sekulako txalo zaparrada jaso genuen eta momentu batzuetan kosta egiten zitzaigun txistulariak entzutea”, aipatzen du Josunek anekdota gisa.

Baina zergatik da hain berezia ekitaldi hau? Irrintziko dantzariek diote urte guztian edukitzen duten agertoki politenetako bat dela Zumarragako parrokia, jendea oso gertu baitago. Ia lur-mailan egiten dute dantza eta horrek herritarrekiko gertutasun handia eragiten du, ia gainean baitute publikoa. Gainera, Josuneren arabera, “protagonismo handia hartzen dugu dantzariok, herria guri begira dugu”. Zer gehiago eska dezake dantzari batek?

Jantzia

Ez da gizonezkoen jantzia, ezta emakumezkoena ere, ezpata-dantzarien jantzia da. Emakumeak sartu zirenean aldaketa bat eman zen, ez baitzuten ordura arte zegoen jantziarekin dantza egin nahi. Hainbat praka eta gona probatu ostean, zerbait unisexa janztea erabaki zuten. Horri buruz informatu eta Ane Albisuren laguntzarekin, euskal dantzan eta jantzietan aditua, galtza bonbatxoen aldeko apustua egitea erabaki zuten, jantziaren kolore originala mantenduz.

Entseguak

Maiatza inguruan hasten dira, urteko beste ekitaldien arabera pixka bat lehenago edo beranduago. Astean bi edo hiru egunetan elkartzen dira. Hasieran Irrintzi taldea bakarrik eta Santa Isabel eguna hurbiltzen doan heinean txistulariekin batera hasten dira entseatzen astean behin. Fisikoki nahiko dantza gogorra da, egun guztian zehar egin behar baita dantza eta hanka asko altxatu behar da. Elastikotasun handia eskatzen du.

Emakumeak dantzan

Gaia atera zen momentutik taldekide guztiak ados azaldu ziren, denek ikusten zuten ideia hori aurrera atera behar zela. Izatez 2014ko urte hasieran erabaki zen emakumeak ezpata-dantzan sartzea. Jantziaren kontuarekin berandutu egin zitzaien eta gauzak ondo egin nahi zituztenez, urte betez atzeratzea erabaki zuten.

Kapitainak

Duela urte batzuk kapitainen aukeraketa gogorra izaten zen, lehia moduko bat sortzen baitzen. Gaur egun gauzak erabat aldatu dira eta orain bilera batean erabakitzen da. Bost edo sei entsegu egin ondoren, bilera bat antolatzen da eta kapitain izan nahi duenak bere burua aurkezten du. Denen artean balorazio bat egin eta gero, lau kapitain izendatzen dira.

Neska-mutilak

Aurtengo kapitainak hiru mutil eta neska bat izan dira, eta sokan bi mutil eta zortzi neska egon dira. Hiru urtez egin da ezpata-dantza emakumeekin eta lehenengo urte horretan erdiak mutilak eta erdiak neskak izan ziren. Baina hurrengo bi urteetan emakume gehiago izan ziren gizonak baino, eta horren ondorioz zenbait kritika jaso behar izan zituzten: bat-batean ez dago mutilik? Irrintzi dantza taldeko partaideek argitu nahi dute urte guztiko prozesuaren ondorioa dela; hau da, taldeko entseguetan, adibidez, 25 neska eta 5 mutil badaude, ezpata-dantzan ere hori ikusiko da.