Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arantzazulab-en, Donostiako Udalaren, Aztiker Ikergunearen eta Asmoz fundazioaren arteko elkarlanean, egungo gazteek emantzipazio prozesuan dituzten beharrak eta kezkak aztertzeko jaio zen Gazteparte proiektua.

Emantzipazioarako politikak

Udaleko kideek azaldutakoaren arabera, proiektuaren helburu nagusia, hain zuzen, “emantzipazioari loturiko politika publikoen inguruan gazteen iritzia ezagutzea eta egoera aztertzea” izan da. Horretarako, lehen urrats gisa inkesta bat jarri zen 18 eta 30 urte bitarteko gazteen eskura eta guztira, 3.000 gipuzkoarren erantzuna jaso zen. Emakumezkoak izan ziren, kasu honetan, gehien erantzun zutenak, %72, eta adinari erreparatuta, erantzunen %63a, 25-30 urte bitarteko gazteenak izan ziren.

Inkestan parte hartu duten 113 gazte tolosarren erantzunetan sakonduz, %18a soilik dago emantzipatuta eta %74ak bost urteko epean emantzipatuta egoteko desioa azaldu du. 113 gazte horietatik, %65ak du lana gaur egun.

Laguntzak

Zailtasunen bidean, emantzipaziorako erraztasun eza izan da bere kabuz bizitzen hasteko aipatu duten muga edo oztopo nagusia (%85) eta horri lotuta, alokairurako diru laguntza programen inguruan ezjakintasuna ere nagusi da gazteen artean; hala adierazi dute inkesta erantzun duten gazteen %74ak. Eta, proiektuaren baitan, guztira 11 gomendio helarazi dizkiete Gazteparte proiektuan parte hartu duten gazteek erakunde publikoei. Bi multzotan banatzen dira: lan esparruari eragiten diona, batetik; eta etxebizitzari loturikoa, bestetik.

Tolosako Udalak ere, gazteen iritzi eta proposamenak lantzeko asmoa azaldu du. Halaxe argitu du Aitor Agirresarobe, Gazteria zinegotziak. “Udal eskumenekoak diren esparruetako gaiei heltzeko asmoa dugu. Are gehiago, egin dituzten proposamenetako batzuk dagoeneko bideratzen hasia da Tolosako Udala, eta epe laburrean nobedaderen bat izatea espero dugu; beste neurri batzuk, ordea, epe luzeagoak eskatzen dituzte, baina horiei ere heltzeko asmoa dugu, etorkizunera begira ditugun helburuekin bat egiten baitute”, amaitu du.