Gazteen errealitatea eta beharrak ezagutzeko helburuarekin, 16 eta 30 urte bitarteko herriko gazteen diagnostikoa martxan jarri du Hernaniko Udalak . Lehenengo pausoa, herriko gazteen artean inkesta bat egitea izango da.

Online inkesta

Apirilaren 22tik maiatzaren 10era egongo da inkesta online erantzuteko aukera, bai udal webgunean baita https://site.zoom.eus/survey.html?token=g6esyvYDSlNqISqYgqPzJT9l8KzU4S helbidera zuzenean jota ere.

Zerbitzuak eta iritziak

Hamar minututan betetzeko moduko galderak dira, gazteen errealitateaz eta iritziez galdetuko dutenak: herriaren balorazioa, bizi-kalitatea, lana eta ikasketak, etxebizitza, Udalaren zerbitzuen ezagutza eta balorazioa... Interneteko lotura ireki batetik zabalduko da inkesta. Herriko hedabideen bidez zabalduko da, whatsappez, sare sozialen bidez eta inkesta zabaltzen ibiliko da herriko gazte bat.

Inkestan jasotako datuak estatistikoki ustiatuko dira eta hurrengo pausoetan landuko diren edukiak eta hartuko diren erabakiak bideratzeko ezinbesteko edukiak izango dira.

2014an egin zuen Hernaniko Udalak azken gazte diagnosia. Hamar urte beranduago, azterketa berritu eta gaur egungo errealitatea ezagu-tzeko beharra sentitu du. Horregatik, gazte diagnosi bat osatzeko prozesua martxan jarri da Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzaz.

Hernaniko Udalak adin tarte horretako gazteak animatu ditu inkestan parte hartzera. Bertan jasotako informazioa aurrera begirako udal politikak gazteen beharretatik abiatuta sortzeko balioko du, beraz galdetegia erantzutea oso garrantzitsua da.