Maiatzaren 7an, 14an eta 21ean Cimasub Donostiako nazioarteko itsaspeko zinema zikloaren emanaldiak izango dira Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Gainera, Zelai Arizti kultur etxean eta Antioko interpretazio zentroan argazkiak ikusteko aukera egongo da. Haurrentzako eta adinekoentzako emanaldi bereziak ere antolatu dituzte.

Programa

Hiru emanaldiak 19.00etan izango dira, Zelai Arizti aretoan. Sarrera doan izango da. Kultur etxeko eta interpretazio zentroko argazki erakusketei dagokienez, maiatzaren 7an irekiko dira. Maiatzaren 21a arte izango dira zabalik. Gainera, maia-tzaren 10ean ikasleentzako saio bat egingo dute Zelai Arizti aretoan eta maiatzaren 13an adinekoentzako saioa El Salvador gizarte zentroan. Azken hori 18.00etan izango da.

Zumarragako Zelai Arizti kultur etxea.

Cimasub Real Sociedad klubaren urpekaritza sailak antolatzen du, 1975etik. Munduko itsaspeko zinema ziklo zaharrenetakoa da. Aldundiaren Jasangarritasun departamentuaren eta Mater ontzi museo ekoaktiboaren babesa du. Zumarragako ekitaldiak astelehen arratsaldean aurkeztu zituzten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian, Lurdes Ansa zikloko arduradunak, David Sanchez zikloko zuzendariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.

Zikloak Gipuzkoako 20 herri baino gehiago bisitatu ditu dagoeneko, baina Zumarragara lehenengoz helduko da. Serrano pozik azaldu zen. Besteak beste, herritarrek kutsadurak eta klima aldaketak itsasoan duten eragina ikusteko aukera izango dutelako. Ansak zikloaren helburua gizartea kontzientziatzea dela esan zuen. “Aurtengo zikloaren leloa Etorkizun urdin bat eraiki da eta itsasoa zaindu beharraren garran-tzia azpimarratu nahi du”.