Datorren asteartetik  maiatzaren 5era arte, Andoainek Santakrutz jaiak ospatuko ditu eta azken hilabeteetako lanari jarraipena emanez, jai inklusiboak izango dira datorren astekoak. 

Esaterako, aurten, lehenbizikoz, soinurik eta argirik gabeko egun eta orduak izango dira barraketan. Konkretuki gaur eta maiatzaren 3an, 17.00etatik 19.00etara, ez da zaratarik edo efektu bisualik egongo, hauekiko sentikor diren pertsonek ere barraketaz gozatzeko aukera izan dezaten. 

Gainera, Jai Batzordeak suzirien jaurtiketa murriztu eta hauek noiz jaurtiko dituen zehaztu du egitarauan.

Jai Batzordeak egin bezala, Udalak ere dei egin nahi du jaiak errespetuan goza daitezen. “Ez santakrutzetan ez inon ez da eraso sexistarik onartuko”, adierazi dute. Udalak gogoratu nahi du sexu erasoen aurkako protokoloa lantzeko prozesuan egon dela murgilduta herriko mugimendu feminista eta eragileekin batera, eta horren ondorio dela santakrutzetan indarrean egongo den protokoloa. Hala, txoznagunean erasorik jasan edo ikusiz gero, txoznako barrara jo beharko da. 

Aldiz, gainerako jai-gunean gertatuz gero, Santakrutz ermita atzean kokatuko den Gune Morera gerturatu beharko da, edo telefonoz deitu (tel.: 676 567 724).

Halaber, inguruarekiko eta gainerakoekiko errespetuz jokatzea eskatzen da, berariaz ezarritako zaborrontziak erabiliz, kaleko komun publikoak baliatuz edo bizilagunen deskantsua errespetatuz.

Txistoki Andoaingo Udalak Txistoki pasealekuan tentuz ibiltzeko deia egin du. Izan ere, barrakak dagoeneko jarri dituzte, eta, asteburuan hasita, familien eta gaztetxoen joan-etorria areagotuko da.

Aparkalekua barraka-gune bilakatuta, ordu jakinetan, jende pilaketak egoten dira eta errepidearen eta barraka eremuaren artean oinezkoentzat dagoen tartea estu samarra da. Bereziki, Donostialdetik Andoainera irteera horretan sartu eta Bordaberritik barrena datozen auto gidariek arreta handiz gidatu behar dute. – A. Muga