Argitturriren eskariz, Oiartzungo Energia Berriztagarrien komunitatea, energia bulego bat ireki zuten pasa den astean Oiartzunen. Horrela, oiartzuarrek doako energia aholkularitza zerbitzu integral berria izango dute eskuragarri, Oarsoaldeko Energia Bulegoa eta Oiartzungo Udalaren eskutik.

Aurrerantzean, astelehenetan, 9.00etatik 14.00etara eta 14.30etik 16.00etara, jo ahal izango dute herritarrek Mendiburu kaleko 3. zenbakian kokatzen den bulego berri honetara, energiari lotutako edozein kontsulta egin eta informazioa eta aholkularitza jasotzeko. Aurrez hartu behar da hitzordua, astelehenetik ostiralera 943 344 160 telefonora deituta edo energia@oarsoaldea.eus helbidera idatzita.

Informazioa, orientazioa eta laguntza praktikoa emango da energiarekin lotutako gaietan, fakturak interpretatzetik hasi eta energia eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko aholkularitzaraino.

Besteak beste, zerbitzu hauek eskainiko dira bertan: fakturak ulertzen lagundu; energia kontsumoa aztertu eta gutxitzeko aholkuak eman; energia tarifei eta eskura dauden laguntza ekonomikoei buruzko informazioa eskaini, fakturak eta energia gastuak murrizteko; etxebizitzen energia eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko aholkularitza; energia alorreko legediaren eta komunitateko ekimenei buruzko eguneratzeak; eta doako aholkularitza pertsonalizatua.

“Bulegoa irekitzea urrats garrantzitsua da komunitate informatuago, efizienteago eta jasangarriago bat eraikitzeko”, esan dute. Oarsoaldeko Energia Bulegoko teknikariek, garapen agentziaren babesarekin, Oiartzungo Udaleko langileekin batera lan egingo dute.