2024-2029 aldirako Euskararen Plan Estrategikoa osatu du Oiartzungo Udalak. Oiartzungo laugarren Plan Estrategikoa izango denak hurrengo bost urteetan herrian euskara sustatzeko martxan jarriko diren estrategiak jasotzen ditu.

Plan Estrategikoa euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko herritarrek eta Udalak izango duen lanerako tresna izango da, euskal hiztunak sortu eta ahalduntzeko zein euskararen komunitatea sendotzeko.

Dokumentu honek hiru helburu nagusi bilatuko ditu: Oiartzungo udalerrian euskararen aldeko kontzientzian eta transmisioan eragin; euskarara hurbildu ez diren edo gerturatzen ez diren herritarrak hizkuntzara hurbildu eta euskararen aldeko politika ausartak hartzeko bidea egin.

Datozen bost urteetan helburu horiek lortzeko, Plan Estrategikoan, bere izenak dioen bezala, Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen dira. Estrategia hauek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak proposatutako AROA marko estrategikoaren baitan kokatu dituzte.

AROA marko orokorraren baitan lehenetsi diren sei ardatzak lantzeko (Gobernantza, jarrerak/motibazioak, gaitasuna, erabilera, ikerketa eta komunikazioa) hamalau erronka finkatu dituzte horretarako, eta bakoitza aurrera eramateko ekintzak ere aurreikusi dituzte arloka edo lan-ildoka. Ardatz estrategikoak azken helburuak dira, eta erronkak, azken helburuak lortzeko bidean, epe ertainerako jartzen diren helburu lorgarriak dira.

Udaletik gogorarazi dutenez, azken hamar hilabeteetan Udalak Oiartzungo hainbat eragile eta herritarrekin burututako hausnarketa prozesuaren emaitza da plana. Prozesuaren lehen lana Oiartzungo euskararen egungo diagnostikoa osatzea izan zen. Hainbat iturri erabili zituzten horretarako: datu soziolinguistikoak, galdetegiak eta herritarrekin izandako elkarrizketak, besteak beste. Sektorez sektore lan mahaiak ere egin dituzte, hausnarketak partekatzeko. Bost arlotan banatuta egin dute: euskalgintza eta hedabideak; aisia, kultura eta kirola; hezkuntza eta familia; arlo sozioekonomikoa eta gazteak.

Hamarnaka herritar eta eragilek hartu dute parte saioetan. Entzuketa lanetik ateratako ideia, iritzi eta ondorioekin osatu zuten herriko egoeraren diagnosia, eta horren baitan diseinatu dute 2024-2029ko Plan Estrategikoa.