Lizartzako herrian mendi zaletasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin Ezezt 4! mendi erronka prestatu du Otsabio Mendi Elkarteak Udalarekin elkarlanean. “Mendira joateko ohitura galtzen ari zela ikusi genuen, beraz, duela bi urte tradizio horri eutsi genion eta herritarrei erronka desberdinak proposatzea erabaki genuen” kontatu zuen erronka berriaren aurkezpen egunean Iraitz Olaetxea Otsabio Kirol Elkarteko kideak. Azken bi urteetan antolatutako hirugarren erronka izango da Ezetz 4!, eta Olaetxeak azaldu zuenez, “zazpi mendi irteera antolatu ditu elkarteak, azaroan hasi eta ekaina bitartean iraungo dutenak. Erronkarekin bat egiten duten parte-hartzaileek, gutxienez, zazpi irteera horietako lau ibilbide osatu beharko dituzte”.

Olaetxearen ondoren, Arantxa Mendizabal Otsabio Kirol Elkarteko kideak ere hartu zuen hitza, eta Aurtengo erronkak helburu desberdinak dituela azaldu nahi izan zuen. Batetik, helburu nagusiak “Lizartzatik atera eta inguruan dauden mendi eta ibilbideak ezagutzea, mendiaz goza-tzea eta mendia maitatzea, familia giroan eta gure artean ondo pasa-tzea eta disfrutatzea eta, nola ez, belaunaldi berri edo gazteei gure kultura transmititzea” direla azpimarratu nahi izan zuen Mendizabalek agerraldian, baina, aurten ere, elkarteak urteetan “indibidualki planteatutako erronkak alde batera utzi” eta “talde izaera berreskuratu” nahi dutela aipatu zuen Olaetxeak. Erronka berri honetako nondik norakoan azaltzeko garaian, irteera bakoitzean parte hartzaileek bi ibilbide izango dituztela azaldu zuten elkarteko kideek. “Batetik, ibilbide txikia, bost kilometro ingurukoa izango dena, eta bestetik, luzea, 15 kilometro ingurukoa izango dena izango dira aukeran” adierazi zuen Mendizabalek. Ibilbide luzea 9.00etan aterako da Lizar-tzako plazatik, eta ibilbide luzea 10.00etan aterako da leku beretik. “Ikusi genuen egun eta ordu zehatz bat planteatuta ezin genuela irteera guztietara derrigortu inor, beraz, malgutasun horrekin jokatzeko planteamendu zabalago bat egin dugu”, azaldu zuen Olaetxeak, “irteera ba-tzuk gertuago eta besteak urrutiago” egingo dituztela gaineratzeaz gain. “Irteera batzuk gertuago egingo ditugu, Lizartza inguruan, eta beste ba-tzuk, berriz, asteburu guztiko iraupena izango dute” azaldu nahi izan zuen Otsabioko kideak.

Azaroaren 25ean izango dute lehen irteera eta Amezketara joango dira Pernandoren ibilbidea gauzatzera. Datozen hitzorduak hurrengoak izango dira: urtarrilak 20tik 21era Belagua; otsailak 25ean Aiako Harria; martxoak 17an Aizkorri Urbia; apirilak 21ean Zumaiako Flyshak; eta ekainak 15etik 16era Panticosa. Lau ibilbideak osatuta, parte- hartzaile bakoitzak ekaina bukaeran horren lekuko bat aurkeztu beharko du. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzari argazki bilduma bat emango diote, eta irteera bakoitzeko argazkiekin bilduma osatu beharko da. Jasotako argazki guztiekin, berriz, ekaina bukaeran argazki erakusketa antolatuko dute, baita sari banaketa ere. Mendizabalek azaldu zuenez, “guztientzat izango da sariren bat”.