2022. urtearen bukaeran hasi genuen Eibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko kanpaina. Bertan eskatzen genuen astean zehar Zumaia eta Eibar arteko zatiaren maiztasuna handitzea, hau da, ordubetean behin izan beharrean, ordu erdian behin izatea.

Hain zuzen ere, egun, Zumaia eta Eibar artean trena ordubetean behin baino ez daukagu. Donostia-Bilbo ibilbidean, Altzola, Mendaro, Deba eta Arroa Behea bakarrik geratzen dira 30 minutuko zerbitzu hori gabe.

Helburu horrekin Debabarrena eta Urola kostako hainbat herritan sinadura bilketa egin genuen eta guztira 5.676 sinadura jaso.

Gure ekimenaren arrakasta ikusita, Debabarrenako, Zumaiako eta Zestoako alkateek gure kanpaina babestu zuten; babes horrekin 2023ko ekainaren 2an Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailera bidali genuen eskaera. 2023ko ekainaren 15ean erantzun ziguten esanaz gure eskaria Euskotreni helarazi ziotela, nahiz eta tren zerbitzuaren eskumena beraiena izan. Gauzak horrela, 2023ko ekainaren 19an Euskotreni egin genion eskaera; oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso.

Eusko Trenbide Sarea azpiegituretan sekulako inbertsioak egiten ari da, baina paraje hau zeharo ahaztuta dauka. Politikariei ahoa betetzen zaie garraio publikoaz dihardutenean, baina Zumaia eta Elgoibar arteko tren zerbitzuak urte osoan zerbitzu minimoen parekoa izaten jarraitzen du. Izan ere, azken greba orokorrean, ez genuen nabaritu inolako zerbitzu murrizketarik, hain da murritza eta!

Mesedez, guztion artean eman diezaiogun benetako bultzada garraio publikoari.

* Inge Ugalde, Euskotren 30 minuturo plataforma Debabarrena eta Urola kostako 5.000 herritar baino gehiagoren izenean

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.